Krokodilo malkoak

Axunek Berrian argitaratutako artikulua.

Krokodilo malkoak

Axun Urbieta. Plazandreok-eko Gipuzkoako hautagaia

Krokodiloek euren biktimak jaten dituzten bitartean negar egiten dute. Edo, gutxienez, hori esaten da. Horregatik, hipokrisiari buruz hitz egiteko «krokodilo malkoak» esaten dugu. Indarkeria sexista —emakumeen kontrako tratu txar eta erailketak— existitzen da oraindik, eta, tamalez, ez da gutxitzen. Komunikabideek egunero gogorarazten digute tratu txarrak pairatzen dituzten emakumeen kopurua goruntz doala eta kasuen %15a baino ez dela salatzen.

Hala ere, feministok geure burua zoriondu beharra daukagu. Orain dela hogei urteko «zerbait egingo zuen» pentsakera gaindituz, gaur egun gizonek emakumeen aurka gauzatzen duten indarkeria gizartearen gaitz moduan ikusten da, zer edo zer lotsagarria, XXI. mendeko gizarte demokratikoek gainditu gabe daukaten ikasgaia.

Jakin badakigu tratu txarrak, gizarte patriarkal honetan, gizonen aldetik emakumeok pairatzen dugun zapalketa eta esplotazioaren ondorio zuzena direla. Gizonak dira tratu txarren eragileak, bortxatzaileak, emakumeen hiltzaileak… Gizonak ziren mutil-lagun, senar, amorante, «ex» edota beste harreman motak. Apaiz, apezpiku, aita santu, enpresari, bankari, ministro, politikari eta, laburbilduz, boteredunak gizonak dira. Eta boteredunek ez daukate botereari uko egiteko gogo handirik. Eta badakigu bakarrik berdintasunean aurrera eginez desagerrarazi ahalko dugula emakumeon kontrako indarkeria.

Udal eta diputazioek orain dela urte batzuk jarri dituztela abian berdintasun politikak eta horiek garatzeko tresnak. Berdintasun legeak ditugu, bat Euskal Autonomia Erkidegokoa eta bestea Espainiako Estatukoa. Indarkeria sexistaren kontrako lege bat ere izan badugu. Eta elkarte politiko guztiek kezka handia adierazten dute. Orduan, non dago hutsegitea?

Hautagaiak ikusi al dituzue? Zenbat emakume agertzen dira zerrendaburu moduan? 2011ko hauteskunde hauetan inoiz baino emakume hautagai gutxiago daude. Emakundek salatu izan du parekotasuna betetzen dela baina lehenengo postuetan eta postu ziurretan gizonak gehiengoa direla. Baina elkarte politikoek mitinetan emakumeen eskubideen aldeko apostu irmoa egiten dutela esaten dute. Krokodilo malkoak.

Ez dago borondate politikorik, ez gogorik, ez dirurik (gure dirua) berdintasun politikak garatzeko. Aurrekontua gauza garrantzitsuetarako erabiltzen dute. Adibidez, Eusko Jaurlaritzak etxe eta eskola guztietan ordenagailuak jartzeko adina esfortzu egin izan balu berdintasun politikak garatzeko, egun emakumeak paradisuan biziko ginateke.

Plazandreok-ek politika horiek deitoratzen ditu. Instituzioetako ordezkariek etengabe errepikatzen dute emakumeen kontrako indarkeria onartezina dela eta lehen mailako gaitz soziala dela. Baina, aldi berean, ez dituzte diskriminazioaren aurkako benetako politikak sustatzen. Berdintasun politikak minimoen azpitik daude. Matxismoaren kontra egiteko hezkuntza funtsezkoa dela errepikatzen dute, baina hezkuntza mailan garatzen diren neurriek ez daukate inola ere teknologia berriak sustatzeko neurrien pisua.

Eusko Jaurlaritzak genero indarkeriaren biktimei laguntzeko zuzendaritza —horrela deitu dute— izendatu du indarkeria matxistaren kontra egiteko dauden baliabide eskasen kudeaketaren koordinatzaile. Hau da, Herrizaingoa. Herrizaingoa? Poliziak? Hara, primeran.

Horregatik, euren krokodilo malkoak salatzen ditugu. Eurek daukate neurri egokiak garatzeko aukera. Ez badute erabiltzen, tratu txarrak ematen dituzten gizonen laguntzaile beharrezkoak izango dira.

Horregatik guztiagatik, feministak behar-beharrezkoak gara. Gure hautagaitza feminista behar-beharrezkoa da.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: